

Antenen erradiazioak eztabaidagai
Nerea Alkorta
Erantzun ofizialik ez
2014ko otsailean, Europako Batzordeko 0,1uW/zm2-ko gomendioan oinarritutako ebazpena onartu zen Eusko Legebiltzarrean, eta ebazpen honek gauzak erraztu baino, oztopo gehiago sortu dituela dirudi gatazka luze honetan. Ebazpen hau printzipioen aitormen hutsean gelditu da eta printzipio hau, Euskal lurralde osorako lege bihurtu eta indarrean ezarri artean, pasa den irailaren 25eko osoko bilkuran EH Bilduk egindako proposamena, alegia, pantailatzearen eskaera, atzera bota da Udalean EAJ-ren kontrako botoekin eta kaltetuek, erantzun ofizialik ez dute jaso gaur gaurkoz. Bitartean `gu kutsatzen ari gara, gure gorputzetan kutsadura metatzen ari da“ agertzen dira kezkati kaltetuak.
Pantailatze proposamena
Erradiazioetatik babesteko urgentziazko neurri moduan, pantailatzea Udalak bere gain hartu dezala eskatuz, irailaren 25ean EH Bilduk udal proposamena egin zuen Bilboko Udaleko Osoko Bilkuran. Izan ere, pasa den irailaren 8an, Bizkaiko Hezkuntza Sailburuaren ordzkari Ana Isabel Ferrirekin batzartu ondoren, erakunde honek ez duela ezer egiteko asmorik jakinarazi zien Solokoetxeko Eskola Kontseiluari eta erantzun honen aurrean pantailatzearen babes neurria Udalak bere gain hartzea proposatu zuen alderdi politiko honek. Gaia Eusko Jaurlaritzaren eskumenen ardura dela argudiatuz, EAJ-ren kontrako botoekin ez zuen aurrera egin EH Bilduren udal proposamenak eta gai honen eztabaida bukatutzat eman du EAJ-ren Udal Gobernuak, arazoa osasun arazotik arazo politikora pasatu dela argudiatuz.
Babes pantaila ezartzea beraz, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eskuetan dago une honetan eta Udalak eskaera honi aparteko tratamendurik emateko asmorik ez duela argi utzi ondoren, antenen arazoari irtenbideak emateko kaltetu eta Udaleko ordezkariekin sortutako jarraipen batzordearekin zituen harremanak moztu egin ditu.
Udala hasiera batean guraso elkarteak eta auzo elkarteak eskatzen zuenarekin ados agertu zen eta `ez-legezkotzat“ jotzen zituen izkutuko antenak kentzeko, enpresari espediente bat zabaldu bazion ere, espediente hori itxi eta antenen kokalekua arautzen zuen beste espediente bat zabaldu zela salatzen dute Auzo Elkartetik, eta hasieran antenak kentzeko konpromezua hartu bazuten ere, atzera egin eta jarrera aldaketa bat agertu duela azaltzen dute.

Udalaren jarrerak kaltetuen haserrea areagotzea lortu badu ere, Hezkuntza Ordezkaritzatik jasotako erantzunak, hasierako kezkaren larritasuna areagotzea lortu du, honek argi utzi bait zion Solokoetxeko Eskola Kontseiluari, ez zutela ezer egiteko asmorik. Eta bitartean `gure umeak daude dauden moduan. Hau onartezina da“, salatzen dute Guraso Elkartetik.
Konpromezu nabarmenena Eusko Legebiltzarreko ebazpena bada ere, ikusteke dago `zuhurtzia printzipio“ hau noiz eta nola jartzen duten indarrean. Ordura arte, gai honekin Legebiltzarrak hartzen dituen neurrien zain egon eta mobilizazioa besterik ez zaiela gelditzen azaldu dute kaltetuak.
(Argazkia: Uriola.info)