top of page

Bilbo zahar berritua

`Zaharra zara Bilbo´ esaten du Garik bere abestian. Eta ez du ez arrazoirik falta. 1300. urtean sortu baitzen Bilbo zaharra. Baina 80. hamarkadatik aurrera bere  arapena ekarri zuen industria sektorearen gaibeherak, eraldaketa sozioekonomikoak ekarri zituen berarekin, batez ere Astilleros Euskalduna eta Bizkaiko Labe Garaien itxieraren ondorioz eman zirenak. Hiriaren eta itsasadar nabigarriko inguru guztiarentzat, industria sektorearen krisia gutxi ez eta, Bilboko hainbat auzo erabat txikituta gelditu eta hiritar asko eta askorentzat bere sustengu ekonomikoaren heriotza zigorra ekarri zuten uholde zorigaiztokoek, Bilboren eraldaketa azeleratu besterik ez zuten egin 83.urteko udan.

Atxuri auzoan dugu horren ispilu. Industria krisiak gogor jo bazuen auzo langile hau, uholdeekin auzoa txikituta gelditu zen eta faktore hauek behartuta, Bilbon abian jarri zen eraberritze integralaren zatitxo txiki bat islatzen du egun Atxuri auzoak. Berton, Bilboko auzo askotan egin duten moduan, Bilbo Zaharreko Miribilla bezala adibidez, eraberritze oso bat egin dute eta Atxuriko goi aldean auzoari aurpegi berriagoz begiratzen dion Begoñako Errepublika egin dute, non etxe berriak eta aisialdirako parke bat egin dira, auzoak lur eremu berriak eskuratuz.

Atxuri lehen. Sareko irudia

Baina zer nolako hiri eredua eraikitzen ari dira? Eraikitzen ari diren auzo berriak  bizilagunen egiazko beharrei erantzuten dien auzo ereduak dira? Bada sustatzen eta eraikitzen ari den hiri ereduaren inguruan jarrera eszeptikorik hiritarren artean.

Hiriaren itxura berri, polit eta ederra guztien gustoko izan arren, eredu biziagoa eta partehartzaileagoa sustatzen den eredua aldarrikatzen dutenak aurkitzen dira, non bizilagunen beharrrei egokitutako azpiegiturak aldarrikatzen dituzten. Eta Atxuriko goi alde berrian gertatzen den bezala,  auzo berrietan inbertsio pribatuak egin dituztenen interes pribatuarekin topo egiten dute aldarrikapen hauek, interes pribatua interes publikoaren gainetik jarri nahi denean.

 

Atxuri gero. Sareko irudia

Hiriaren eraldaketa

Bilbo ibaiaren muga nabigarrian sortu zen 1300. urtean eta bere ekonomia itsas merkataritzan oinarrituz garatu zen. XIX eta XX. mendeetan zehar, meatz, siderurgia eta itsasontzi-eraikuntza industria garrantzitsua garatuz, Bilbo industria eta portu-hiri handian bihurtu zen. Jarduera hauek ibaiaren alde bietan zehar kokatzean, metropoliaren hiri garapena balditzatzen zuten. Baina egun, aintzineko industria eremu hauek berreskuratu ahal izan dira eta portu jarduerak kanpoko badiara eramatean, hiriak bere ibai aldera begiratu eta hiri eraldaketa bati hasiera ematea ahalbidetu dute.

Eraldaketa honen adibiderik argiena aurkituko dugu Bilbao Ría 2000 Egitasmo integralarekin Bilboko itsasadarrean zehar egin diren hirigintza ekimenei begiratzen badiegu. Pasa den mendean Euskal Herriko eta estatuko motor ekonomiko nagusienetakoak izan diren Astilleros Euskalduna eta Bizkaiko Labe Garaiek (AHV) okupatzen zuten lur eremuari begiratzen badiogu, lehen untzitegiek, edukinotziek edo labe garaiek okupatzen zituzten lekuak, gaur egun, ibilbide, parke, auzo berri eta negozio guneak bihurtu dira. Eremu berritu guztietan gainera, eraberritze honen oinarri bezala, `kalitatezko arkitektura´  aurkezten da: Guggenheim, Isozaki Dorreak, Calatrava Zubi Zuria, Euskalduna Jauregia, Iberdrola Dorrea, Zubiarte Merkatal Gunea, Deustuko Unibertsitateko liburutegia eta UPV/EHUko Abandoibarrako Bizkaia Aretoak horren adierazle dira. `Kalitatezko arkitektura´ hauek ba dute zerikusia  hiria zerbitzuetan, turismoan eta industria berrietan oinarritzen den ekonomia sare berrietan gauzatu izanak.

Orain ibaiaren bi aldeak, hiria bera, ingurumena eta ekonomia hobetu nahi duen estrategiaren zerbitzuan daude, turismoak baldintzatzen duen estrategiaren zerbitzura non bere bizilagunak, hiri zaharraren idiosinkrasia eta hiri ereduaren eraldaketaren testigu zuzenak izan diren.

Hiri zahar eta kutsatu grisa atzean gelditu eta metropoli turistiko bihurtu da Bilbo, nazioartean lehiatu dezakeen metropoli berri-zaharra. Nork esango zukeen pasa den mendearen bukaerako Bilbo industrial gris hartan, urte gutxi batzuen buruan turistak hara eta hona ikusiko genituela?

Sareko irudiak

  • Wix Facebook page
  • Wix Twitter page
  • Wix Google+ page
bottom of page