top of page

2011-2015 Auzokide Plana

2010 urtera atzera egin behar dugu, Atxuri Bilboko auzoan izen bereko kalean kokatzen den García Rivero Ikastetxe Publikoko Guraso Elkarteak Udalari erabilera anitzeko kirol instalazio gune estali bat eraikitzeko eskaera luzatu zion arte. Ikastetxeak batidanik izan du kirol instalazio gabezi handiak eta bertako ikasleek eskola-kirola praktikatzeko, azpiegitura egokirik ez dute.

Gabezia honen aurrean eta auzoan bertan parke berria eta lur eremu berriak egin zirenean, bizilagunak eguraldi txarretik babesteko lekua eta eskola-kirola praktikatzeko erabilera anitzeko eraikin estali bat gaitzea eskatu zion ikastetxeko Guraso Elkarteak Udalari. Ondorioz, 2010ean hasitako auzoetako `Bizi kalitatea´ prozesu parte hartzailearen ondorioz,  2011-2015 Auzokide Planaren baitan onartu zuen eskaera hau Udalak alderdi politiko guztien oneritziarekin.


Prozedurari jarraituz, Udalak aurreproiektu bat egin zuen  2012an, non milioi bat euroren kostuko aurrekontua onartu eta 2013ko urrian, gauzatze proiektuari buruzko galdeketa prozesua ireki zuen.

Argazkia: //Nerea Alkorta

Eraikin estaliaren Proiektua
Udalak bere aldetik, proiektuarekin aurrera jarraitu eta komunikabiden bitartez eman zuen ezagutzera. Baina Garcia Riveroko Guraso Elkarteak eta Atxuri eta Alde Zaharreko auzo elkarteek planoak ikustean, haien iritzirik jaso gabe priektua aurrera eraman izanaren ustekabea agertzearekin batera, euren kezka azaldu zuten, non kantxak parkearen baitan egoki integratuta ez geratzeko arriskua ikusi zuten. Honenbestez eraikuntza-lanak hobetzeko asmoz, Lan Mahaia osatzen da eragile guztien parte hartzearekin eta bertan parte hartuko dute, ibilbide luzea duen Atxuriko betiko Auzo Elkarteak; ibilbide txikiagoa baina indarrez, ilusio berriz eta gogoz, auzoa dinamizatzeko sortu den Atxurigorri Elkarteak; Bihotzean Alde Zaharreko Auzo Elkarteak eta Garcia Rivero Ikastetxe publikoko IGEE Guraso Elkarteak, Udal teknikari eta ordezkariekin batera. Lan Mahai honen zeregin eta helburu nagusia, parkean egin nahi diren esku hartzeak elkarlanean ordenatzea izango da. Ido honetan jarraituz, proiektua hobetu asmoz, garaian garaiko proposamenak eta ideia berritzaile batzuk jasotzen dira bertan, beti ere, Parkearen Paisaia-Plan Integralarekin bat zetozenak, adibidez Atxurigorrik proposatutako eraikinaren estalkia begetala izatearena proposamena. Bizilagunen ustez, Udalak garatutako proiektuaren eraikinak parkearen paisaia Plan Integralarekin bat ez zetorren, parkea desitxuratu egiten zuen eta parkearen osagarri edo hobekuntza bat baino gehiago, erdi erdian geratzen zen oztopoa zela iruditzen zitzaien.

Iturria: Bilboko Udala

Erabiltzaile batzuen oposizioa
Puntu honetara helduta, Begoñako Errepublikara -parkearen goialdean kokatzen diren etxebizitza berrietara-  bizitzera etorritako familia batzuk, ez zuten begi onez ikusten Udalak eta Atxuriko behe aldeko bizilagunek parkean egin nahi zuten erabilera anitzeko gunearen proiektua eta euren desadostasuna bideratzeko, `Enkarnazio Parkeko Erabiltzaileen Plataforma´ sortu eta “Enkarnazio Parkea defenda dezagun/El parque de la Encarnación está en peligro” lelopean kanpaina bat abiarazi zuten.
Plataformak hartu zuen kantxen kontrako jarrera hau arrazoitzeko,  alde batetik, auzoan dagoen ingurune berde bakarra suntsituko lukeen proiektua dela eta parkeari eta auzoari kalte egingo diola baieztatzen dute, eta bestetik, proiektua,  haien iritziaren gainetik inposatutakoa dela diote, Udalaren aldetik porozesu honetan informazio eza egon dela salatuz. Inguru berde hau gordetzeko duten ardura dela eta, kantxen lekualdatzea proposatzen dute, hasiera batetan zinema aretoak egiteko ziren igerileku ondoan hutsik dauden lokaletan egitea proposatuz. Eta hemen nolabaiteko PSE-ren babesa jasotzen dute, nahiz eta argi ez agertu euren jarrera.

Baina proposamena aztertu ondoren, ez dela bideragarria erantzuten du Udalak, ez teknikoki, ezta ekonomikoki ere. Izan ere, zinema aretoak egiteko ziren lokal hauek, alde batetik ez direlako udalarenak eta honek erosi egin beharko lituzke lehenik,  eta bigarrenik, dena oso osorik eraitsi beharko litzatekela azaltzen du, kantxak beharko lituzkeen neurriak (40×20×12m) ez dituelako betetzen. Guzti honek, aurre ikusitako kostua laukoiztea ekarriko lukeela argitzen du, alderdi politiko guztien adostasunarekin onartutako proiektua atzeratzea suposatzen duela gaineratuz.

Enkarnazio Plazan konzentrazioa kantxaren kontrako Plataformak deituta.//Sareko irudia

Lekualdatze proposamena

Bigarren lekualdatze proposamena egiten du orduan Begoñako Errepublikako Plataformak. Honenbestez, eraikin estalia Polikiroldegiaren aurrez-aurre dagoen plazatxora lekualdatzea eskatzen du. Atxuriko auzo elkarteei ordea,  ez zaie hau ere leku egokiena iruditzen, egun parkeak bizia duen gune bakarra delako eta bera okupatuko lukeela argudiatuz, parkearen osagarri edo hobekuntza bat baino gehiago, erdi erdian geratuko litzatekeen oztopo izaten jarraituko lukeelako.

Begoñako Errepublikako plataforma osatzen duten gutxi batzuen oposizioa agertu denetik, geldirik daude hasita egon beharko luketen lanak eta hainbat mobilizazio egin dituzte batzuek eta besteek, auzoa bi jarreratan banatuta dagoela sinestaraziz.  Baina errealitatea bestea da: kontrako jarrera agertzen duten familiak gutxienekoa direla. Ez dago auzoan banaketarik, gehiengoaren nahia, behingoz, kantxak egitea delako. Eta horrela izan da Udalaren jarrera ere alderdi guztien adostasunarekin, Begoñako Errepublikako Plataforma osatzen duten gutxi batzuen oposizioa agertu den arte, eta ba dirudi honek, eragina izan duela alderdien artean ere,  batez ere Alderdi Popularraren jarreran baina baita, PSE eta EAJ-ren alderdien baitan ere.

Ezkerrean  Polikiroldegia. Aurrean zinemak egiteko ziren lokal hutsak eta lekualdaketa proposatzen den plazatxoa. Argazkia: //Nerea Alkorta

Ez atzera eta ez aurrera dagoen egoera honetan, korapilatu egin dira gauzak eta 2015 urtearen atarian,  2011-2015 Auzokide Planean onartutako eraikin estalia gauzatzeko lanen arrastorik ez da ikusten Enkarnazio Parkean, in situ baieztatu ahal izan dugunez eta ez dago ere, proiektuaren inguruko informazio gehiago, Lan Mahaia bertan behera gelditu delako, Atxurigorritik jakinarazi digutenez.

Alderdi Popularren jarrera aldaketa eta araudia

Parkeko Erabiltzaileen Plataformaren jarreraren alde agertu da geroztik Alderdi Polularra eta horrela irakurri daiteke bere web orrialdean ere.  Bertan, orduan Bilboko Alkate zen Iñaki Azkunari zuzentzen zaie, EAJ-k gai honen inguruan bere jarrera birplanteatu dezan eskatuz, non Plataformakoek proiektuaren kontrako sinadura bilketa kanpainarekin lortu dituzten 3.000 sinaduretan oinarritzen diren, beste arrazoi batzuekin batera. Proiektua babesteko adostasun politiko eza eta bizilagunen adostasun eza dagoela baieztatzen du Beatriz Marcos Alderdi Popularreko ordezkariak eta gainera, Bilboko Alde Zaharreko Zonalde Berdeen Egitasmo Bereziaren Araudia urratzen dela gaineratzen du. Araudi honen arabera, Enkarnazio Parkeko moldaketa-lanak terrazak, azokak edo hri-altzariak jartzeko aukerara mugatzen dela azaltzen du, eta inolaz ere, Udalak aurrera eraman nahi duen eraikin estaliaren proiektua. Zonalde berdeak desagertaraziko lukeela gaineratzen du webgunean eta segurtasunaren arazoak ekarriko lituzkeela ere, batez ere emakumeei dagokionez, hiriko puntu beltza bihurtuko litzatekeelako.

Beatriz Marcos Alderdi Popularreko ordezkariak, bakarrik eta inoren iritzirik eta ekarpenik kontutan hartu gabe gobernatzeko eredua,  proiektuak hasierako proposamenetik hiru aldiz aldatu izanak eta lanen exekuzioa 2014ko otsailera atzeratu behar izanak, zerbait txarto egiten ari direla aurpegiratzen dio EAJ-ri.

Gauzak honela, Udalak proiektua nola dagoen zuzenean azaltzeko asmoz, bilera baterako deialdia egin zuen iazko abenduaren 2an. Deialdiko hitzordua, Enkarnazio Elizan egin zuen non auzokide guztiak, atariz atari deituak izan ziren. Baina bilera hasi bezain giroa liskartu eta udaleko arduradunak informazioa eman aurretik, Plataformako kide guztiak zutitu eta protesten artean elizatik alde egin zuten beste guztien harriduraren aurrean.

Plataformako 150 kide inguru taldean joan ziren bilerara, beste bizilagunen artean eta Udaleko ordezkariak egon ziren bertan, hauen artean Fran Viñez jauna,  Lan eta Zerbitzuak Saileko zuzendaria. Bilerako helburua proiektuaren egoera zein zen azaltzea eta informazioa ematea bazen ere, Plataformako ordezkariak hitza hartu eta auzoko bizilagunekin - Plataformakoekin- akordio batetara heldu arte, proiektua gelditzea eskatu zion. Eta prozedura hau jarraitu ezean, haien oposizio izango zutela agertu zion Plataformako bitartekaritza eginez. Tentsio giroa nabaria izan zen eta Viñez jaunak giroa baretzeko ahaleginak egin bazituen ere, jarrerak gehiago liskartu eta Plataformako kideek bileratik alde egin zuten. Eta gaur arte.

 

2023ko abenduak 2. Udalak deitutako bileratik alde egiten dute Plataformako 150 kide inguruk proiektuaren  nondik norakoak azaltzera joan zirenean giroa liskartuta. Bideoa: Atxurigorri

Atxuriko Guraso Elkartearen Manifestua eta Mobilizazioak

Urte luzeetan borrokan egon diren kantxen aldeko elkarteek, hausnarketarako gonbitea luzatu diete Parkeko Erabiltzaileen Plataformari manifestu baten bitartez, non Garcia Rivero Ikastetxeko Guraso Elkartearekin eta gainerako auzo elkarteekin batera, Enkarnazioko parkeko kirol eraikin berriek inguru hau biziberritzeko balio dezaten, elkarrekin lan egiterko gonbidapena luzatu dioten.

Behin eta berriro agertu dute kantxen aldekoek, azpiegitura honi esker, ehunka ikaslek eskola-kirola toki egokian egin ahal izatea ahalbidetzen duen proiektua izateaz gainera, ekipamendu hau eraikitzeak, parkeari eta parkeko erabiltzaileei mesede egingo diela ere, egun hilik dagoen parkeari, kantxa hauek bizia eta segurtasun handiagoa emango lioketelako eta jolastera joango den jendez beteko litzatekelako. Eta hau gutxi ez balitz, auzoak,  bestelako kultur jarduerak egiteko eta auzoa dinamizatuko eta berpiztuko luketen ekimenak egiteko gune estali bat izango lukeela azpimarratzen dute, hau parkearen erabilera eta kalitatea hobetzea dela ulertuz.

Argazkia: //Nerea Alkorta

Kantxen aldeko atxekimenduak bestalde, gehitzen doaz bien bitartean. Aldarrikapenarekin bat egiten duten elkarte eta taldeak indarrak biltzen doaz eta Maestro Garcia Rivero Ikastetxeko IGEE,  IGEE Mujika, IGEE Solokoetxe BHI, Atxurigorri Elkartea, Bihotzean Auzo Elkartea, Bilbo Zaharra Auzo Elkartea,  Atxuriko Gatze Elkartea, Umeak Kalean, Bizkaiko Saskibaloi Federazioa eta ASFEDEBI  Bizkaiko Kirol Federazioen Elkarteak, haien kezka agertu dute proiektua geldiarazteko edo kantxen kokagunea lekualdatzeko dagoen interesaren aurrean.

Kantxak nahi eta behar dituztenen kontra ari da erlojua, atzerako kontaketa martxan dago eta hasita beharko luketen lanen berririk ez dutela eta, temati agertzen dira Guraso Elkartetik. Hainbat urtez borrokatu ondoren, `azpiegitura honen gauzatzea ezin da gehiago luzatu´ gaineratzen dute. Gainera, Legegintzaldi honetan Atxurin egin beharreko lanik garrantzitsuena gauzatu gabe gelditzeko arriskua ikusten dute eta hau gutxi ez balitz, okerrena, 2011-2015 Auzokide Planaren aurrekontuetan proiektua gauzatzeko onartuta dagoen miloi 1 euro galtzeko arriskua ere.

Euren arrazoiak defendatzen dituzte batzuek eta besteek baina lau haizetara defendatzen dituzten ageriko arrazoi hauen azpian, bada bat pisuzkoa: eraiki nahi den auzo eredu ezberdinen eztabaida. Bi auzo ereduren irakurketa egin daiteke beraz,  `Kantxak bai, baina parkean ez´  tirabira honetatik eta kantxak defendatzen dituztenen arabera auzoa bizirik egotea, haien umeek jolastu dezaketen azpiegiturekin eta auzokideek bizitza auzoan egin ahal izatea da, auzoari bizi kalitatea ematea. Horrela ulertzen dute batzuek bizi kalitatea eta ez kantxen kontrakoek ulertzen duten auzo polit, eder eta lasaia, eta era berean,  bizirik gabekoa, jenderik gabeko berdegune huts bat, non goiko alderdia eta behekoa lotzen dituen pasabide berde bat besterik ez dena, txakurrak paseatzeko erabilera esklusiborako bihurtu dena.  Azken finean, interes publiko ororen gainetik, gutxiengo baten interes pribatuan oinarritutako auzo bat, gutxi batzuen   `bizi kalitatea´  bermatzeko.

Argazkia: //Nerea Alkorta

Erreferendum proposamena

Gauzak honela, badago auzoan zurrumurrua proiektua nola gauzatuko den erabakitzeko, erreferenduma egingo dela eta honek, alderdi batzuen hasierako jarrerak aldatu egin direla  erakusten du. Hauteskundeak ote jarrera aldaketa hauen izkutuko arrazoia? Ba dirudi baietz, eta hauteskundeen gertutasuna dela eta, gaia botoak irabazi nahi izateko aitzakia ezinhobea bihutu daitekeela uste da auzokide askoren artean eta arazoa konpondu beharrean, okerrera egiteko arriskua ikusten dute. Edo okerrenetik okerrena litzatekeena: auzoa kantxarik gabe geratzeko arriskua.

  • Wix Facebook page
  • Wix Twitter page
  • Wix Google+ page
bottom of page