top of page

Irudia: Gite-Ipes.

Ekitaldian, kartzelaren gaia ikuspuntu kritikotik begiratzeaz gain, generoaren perspektiba gehitu zitzaion emakumeen kartzeletako egoerak eztabaida horren erdigunean jarrita. Era honetan, emakume presoek pairatzen duten egoera nabarmendu zuen bereziki, eta gordin bezain argi salatu zituen Davisek emakumezkoek espetxeetan pairatzen dituzten torturak eta eraso sexualak, egoera horiek egiturazko zapalkuntzarekin lotuz.

 

Menderakuntza hirukoitza

Zalantzarik gabe, teoria abolizionista  eta  genero-arraza-klase  loturaren inguruko eztabaida gure artera ekarri izana izan zen jardunaldi hauetako ekarpenik azpimarragarriena. Ideia horren inguruan hausnartzeko gonbita ekarri izanak, gure artean ditugun  hainbat galdera azaleratu zituen: gaur egun kartzelak zentzurik ba ote duen, berdintasunezko gizarte demokratiko batean kartzelek lekurik duten edo ez, edota gure herriko gatazkaren irtenbiderako zein eredu nahi dugun, besteak beste.

Baina ez zituen soilik kartzelak izan hizpide. Ez zituen aipatu gabe utzi  beste hainbat gai ere: militarismoaz eta Fergusonen jazotakoa hitz egin zuen;  2001eko irailaren 11 ondorengo erradiografia egin zuen, kartzelen funtzio zigortzaileaz jardun zen, arrazakeriaz, egiturazko biolentziaz, homofobiaz, transfobiaz... Kapitalismoaren kontra gogor egin zuen,  eta herrien arteko elkartasuna sutsu defendatu. Sozialismoa  eta demokrazia erradikala aldarrikatu zituen, eta Euskal Herriko gatazkaren gainean, bere askatasunaren aldeko borroka goraipatu.

 

Davisek azken hamarkadotan egindako ekarpen ideologikoa laburtzea erraza ez bada ere, menperakuntza hirukoitzaren ideia landu izana da bere ekarpenik esanguratsuena. Intersekzionalitatearen ideia jarri du mahai gainean eta menperakuntzak elkar elikatzen direnaren ideia eztabaidaren erdian jarri: emakumea, beltza eta klase sozial apalekoa izateak, zapalketa hirukoitza dakarrela, eta ondorioz emakumeak hiru aldiz aliatu izateko beharra dituela aldarrikatu zuen. Menperakuntza hirukoitzaren ideia honek finean, matxismoa, arrazakeria eta kapitalismoa lotzen ditu, eta askapenerako borroka ere, aliantzatik egitea ezinbestekoa dela gaineratu zuen.

Iazko otsailaren 5ean ekin zion Gite-Ipes Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak kartzela hizpide den hausnarketa lerroari Bilboko Bidebarrieta liburutegian antolatutako jardunaldietan. Bertan, Estibaliz de Miguel, Leire Martinez, Rafa Sainz de Rozas eta Cesar Manzanosekin batera, Angela Davis ekintzaile politikoa, feminista eta iraultzaile afroamerikarra zuzenean entzun ahal izan genuen. Zalantzarik gabe gertakari historikoa izan zen hura, liburutegiko aretoa lepo bete izanak erakutsi zuen moduan.

Angela Davis Bidebarrietako hitzartzean. Argazkia: Gite-Ipes

Angela Davisen bisitak utzitakoa

2016ko abendua

KRONIKA

Biografia
Kronika

Bilboko Bidebarrieta Liburutegiko jardunaldien argazki galeria. Argazkiak: Gite-Ipes

bottom of page